XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

III. PERTSONEN GARRAIOA

734. Ezaugarri bereziak. -Garraio mota horretan eroaleak egiten duen zerbitzua pertsonak leku batetik bestera eramatea da; horren ondorioz, bistakoa da pertsonen garraioa gauzen garraiotik bereizi behar dela.

Lehenengoz, garraio horretan ezin dugu emateari buruz hitzik egin, berori ez baita gertatzen ez kontratuaren hasieran, ezta bukaeran ere; bigarren, kontratu horietan ez da inoiz kontsignatarioa azalduko.

735. Osagai pertsonalak eta formalak. -Kontratuaren subjektuak eroalea eta bidaiaria dira.

Lehenengoak kalterik gabe eraman behar du bidaiaria leku batetik bestera, kontratuan hitzarturiko erosotasun, giro eta arintasun nahiz horien antzeko beste baldintza egokietan.

Bidaiariaren oinarrizko betebeharra, aldiz, prezioa ordaintzea da; orobat, baditu beste betebehar erantsi batzuk: ibilgailua arretaz erabiltzea, berarekiko segurtasun neurri arruntak hartzea etab.

Kontratua frogatzen duen titulua txartela da (352. art.); txartel hori izenik gabe ematen da, eta horren ukandunak eskubidea izango du eroaleari zerbitzua eskatzeko.

736. Kontratuaren edukia. -Bidaiarien garraioan, eroaleari ezin zaizkio gauzen garraioaren inguruko manuak aplikatu, kalteen ondoriozko erantzukizunari dagokionez behinik behin.

Hori dela eta, xedapen berezirik izan ezean, erruari nahiz kontratu erantzukizunari buruzko manu erkideak aplikatuko dira.

Gehienetan, eroaleak bidaiarien ekipajea ere eraman behar du, bidaiariekin batera eta abiadura berean.

IV. ENPRESAK EGINDAKO BESTE ZENBAIT OBRA KONTRATU

737. Kontratu horien inguruko ideia orokorrak. -Aurrerago aipatu bezala, Merkataritzako zuzenbidea enpresarioen jarduera antolatzen duen arlo juridiko gisa eratu da.

Hori dela bide, kontratu berezi batzuk nahitaez sartu behar dira merkataritzako kontratazioaren barruan, kontratu horien bidez enpresarioak obra zehatz bat egiteko betebeharra hartu eta horretarako antolaketa berezia duenean.

Horrela, enpresario garrantzitsu askok euren bezeroen esku uzten dituzte enpresaren antolaketa, langileak eta ondasunak, bezero horiek bilatzen duten helburua lortzeko.

Arean bere, zenbait enpresak etengabe egiten dituzte obra kontratuak; horri helduz, ezin ditugu kontratu horiek merkataritzako arlotik kanpo utzi, Merkataritza Kodean arauketa berezirik ez duten arren.

Horien artean, ondoko enpresak aipa ditzakegu: (...)